Marcos Bretos: "San Nikolas 23 komunitatea biltzeko eta topatzeko Portu Zaharreko lehenengo gunea izan zen”

es Marcos Bretos eu Marcos Bretos

Avatarra: Argitalpen ofiziala Argitalpen ofiziala

Hala dio Marcos Bretosek, Portu Zaharreko auzotarra eta Txomin tabernako arduraduna denak. Egin diogun elkarrizketan, Bretosek eraikin ospetsuaren iraganari eta etorkizunari buruz duen iritzia adierazi digu, Portu Zaharreko komunitatearentzat ikur historiko eta soziala bihurtu baita eraikina.


Marcos, zein da eraikinaren, Bariko San Nikolas elizaren eta Algortaren arteko lotura?

Bada, hauxe da jatorria. Hauxe da benetako San Nikolas. Uste ez badugu ere, hauxe da Algortako erdigunea. San Nikolas omentzeko egin zen eliza zaharra dugu hau; alabaina, biztanleria hazi zenean goiko aldera lekuz aldatzea erabaki zen, San Nikolas kalea jarraikiz. Horrez gain, horren harira sortu ziren Bariko San Nikolas kofradia, Bariko San Nikolas arraun-taldea eta Portu Zaharreko jaiak (San Nikolas jaiak). Gaur egun, jendeak uste du goian dagoela San Nikolas, baina benetan hauxe da Algortako benetako erdigunea, denborak aurrera egin ahala gorantz zabaltzen joan dena.

Historikoki, zein izan da Portu Zaharreko bizimoduan eraikinak izan duen garrantzia?

Portu Zaharreko komunitate-bizitza eraikin honetan egin zen lehen aldiz. Duela hirurehun urte, lehen auzokideen elkartea batu zen eliza bat eraikitzeko, bertan biltze aldera. Eliza txiki geratu zenean, Algortako goiko aldera lekualdatu zen erlijio-izaera. Ordutik, hainbat erabilera eman zaizkio eraikin honi, hala nola pilotaje-eskola, merkataritza-eskola eta hainbat bulegotako udal-eraikina.

Zer egin beharko litzateke gune honetan portua biziberritzeko?

Nire ustez, auzokideen komunitatearentzako topagune gisa erabili beharko litzateke nagusiki. Biltzeko, elkar ezagutzeko, partekatzeko, ideiak alderatzeko, arazoak konpontzeko eta ospatzeko tokia izan dadin. Topagunea, aspaldi zeukan erlijio-izaerarik gabekoa, baina komunitatea biltzeko helburu berarekin.

Zure ustez, zin erabilera edo jarduera egin daitezke ekipamendu publiko honetan?

Apur bat denetarik egin daiteke. Funtzio anitzeko aretoa izan daiteke Portu Zaharreko auzokideen bilerak egiteko eta, aldi berean, euskarari, feminismoari, ekonomiari eta turismoari lotutako ekimenak gauzatzeko. Halaber, portuko dokumentuen artxibo historikoa sortu daiteke eta erakusketak, aurkezpenak nahiz prentsaurrekoak egin bertan. Algortako erdialdea dugu hauxe; benetan duen garrantzia eman behar diogu, etorkizunari begiratuz baina bere nortasuna eta historia mantenduz.

Zatoz eraikina ezagutzera!


QR kodea

Zeugaz erakundaren logo ofiziala

Marcos Bretos: "San Nikolas 23 komunitatea biltzeko eta topatzeko Portu Zaharreko lehenengo gunea izan zen”

QR kodea

0 iruzkin

Iruzkinak desgaituta daude une honetan, baina aurrekoak irakur ditzakezu.

Iruzkinak kargatzen...