Eraikina
San Nikolas baseliza zaharra da eraikina. San Nikolas baseliza 1634. urtean aipatu zuten lehen aldiz Algortako nabigatzaileen topagune eta gurtzarako leku gisa; haien patroi santuaren izena eman zioten. Ondoren, marinelen kofradiaren batzartokia Etxetxura lekualdatu zen eta San Nikolas eliza berria eraiki zen XIX. mendean, Algortako goiko aldean; hala, eraikina eraldatu zen eta erabilera berriak hartu zituen.
XIX. mendearen amaieran, nautika-eskola bihurtu zen. Denborak aurrera egin ahala bere morfologia aldatu egin zen eta eman zitzaizkion erabileretara egokitu zen; horiek horrela, irakasleen etxea, ziega, txakurtegia eta biltegia izan zen, besteak beste. Duela gutxira arte, etxebizitzak egon dira bertan, eta gune sozial eta topagune gisa ere erabili izan da; esate baterako, emakumeen txokoa izan da, eta horretatik datorkio “Txokerak” izena.

Portu Zaharra, 1890 Ezkerraldean, eraikinaren egoera ikusi daiteke eta lau leihate handiak ikusgai daude oraindik. Iturria: Euskal Museoa / Museo Vasco.
Eraikinak eraldaketa ugari izan ditu historian zehar, bereziki XX. mendean, eta ondorioz aldatu egin zen bere jatorrizko itxura. Eraikina suspertzeko asmoz, 2022. urtean hura osorik zaharberritzeko prozesua hasi zuen Getxoko Udalak. Prozesu horretan, eraikinaren jatorrizko bolumetria berreskuratu da eta fatxadak zaharberritu dira, itxura historikoa mantendu dezan. Eraikina zaharberritzeko obren lehenengo fasea amaitu berri da. Espazioaren erabilera zehazteke dago, obren azken fasea doitu eta amaitzeko, bai eta ondoren ekipamendua egokitzeko ere.
Gobernu Ireki eta Modernizazio Arloak, Getxoko Udaleko beste arlo batzuekin lankidetzan, aurretik egindako lanetan, ekipamenduaren etorkizuneko erabilera ukitzen duten zenbait egitura-muga eta ezaugarri baldintzatzaile antzeman ziren.

Eraikinaren ezaugarriak eta antzemandako muga eta ezaugarri baldintzatzaile nagusiak azalduko dira jarraian, proposamenak eta ekarpenak egiteko unean aintzat hartu daitezen, bideragarritasuna bermatze aldera.
Espazioaren azalera erabilgarria: 125 metro.
Espazioaren edukiera: 100 pertsona.
Udal-eskumeneko erabilera izan behar du.
Ordutegien eta zaraten kudeaketa: Eraikina herrigunean dago eta etxebizitzak ditu mugakide. Eguneko erabilera emango zaio espazioari (22:00ak arte) eta bertan egiten diren jarduerek guneko herritarrekiko bizikidetza errespetatu beharko dute eta ez dute ez eragozpenik ez zaratarik sortuko inguruan, dagokion udal-ordenantzak kasu horietarako ezarritakoari jarraikiz.
Eraikinak ez du ez ke-aterabiderik, ez sukalderik. Ezingo da ostalaritza- edo industria-jarduerarik egin.
Eraikinak ondare-balioa du eta babestuta dago. Nabe nagusiak bere osotasun estruktural eta estetikoa mantendu behar du.
Aurrekontu-faktorea aintzat hartuko da balorazio-irizpide gisa.
